XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Bi gizon garaztarrez: Dunipétré olerkian (Piarres Héguitoa), Etchamendy narratiban.

- Biga lapurteraz, olerkian: aita Iratzeder eta Agostin Zamora senpertarra.

- Hazpandar bat (beraz lapurtarra), Dirassar, horko behe-nafarrera berezian ari da, narratiban.

- 6 baxe-nabartar, dela ekialdeko, dela mendebaleko, nafarro-lapurteraz ari dira, gehien bat narratiban, hitz berriak Batutik hartuz iparraldeak ez dituenean, hargatik beren aditza eta erakusleak atxikiz: Xan Irigaray, G. Irigoyen, Etcharren, Orpustan, J.M. Malharrin eta M.J. Minaberry andereak.

Beste bi herenak Baturantz doatzi, nafarro-lapurterari erantsiz aditza eta erakusle batuak, hilabeteen izenak eta hitz berri batzuk, hala nola talde, elkarte, irrati, antzerki, antzoki, elaberri, opor, egunero, ulertu, erantzun, eta abar...

Baina hor ere arterik badago idazleen artean.

Adibidez G. Lantzirik itzulpenetan gipuzkera hartzen du oinarritzat, beste batzuk aldiz behe-nafarreratik oso hurbil egoiten dira Euskaltzaindiaren arauak bete ondoren.

Hor gogora heldu zait galdera bat:

zein dira Batutik hurbilenak, azken horiek ala, Etcharren bezala, nafar aditza eta erakusleak atxikiz, oso hiztegi zabala dutenak?

7. Bertsoak eta kantua:

a) Bertsolari munduan egoera nahasia ikusten dut euskararen aldeetik, bereziki Euskara Batuari begira.

Mattin eta Xalbadorren denboran, Batuari buruz urrats eta pauso handiak egin zituzten elgarri buruz joanez ipar eta hegoaldekoek.

Orain iduri zait konbergentzia horretatik urruntzen ari garela, gipuzkera mota hertsi bat Euskara Batutzat hartuz:

adibidez entzuten da det hara eta det honara, iparraldekoek horretan amor emanez, eta det hori ez da etsenplu bat baizik beste askoren arteetik.

Ez dut erran nahi gaurko bertsolariak atzokoak baino ahulagoak direnik, ez gutiago ere, baina euskararen batasunaz dugu solasa.

b) Kantarien mundua orokorki Baturantz ibilki dut ikusten Iparraldean, hinki-hanka, maiz olerkiarekin eskuz-esku, hargatik zehaztasun eta zorroztasunik gabe.

Baina akats hori, anarkia hori ez ote da orokorra, ez ote da euskarak iparraldean bizi duen bilakaera guziarena?

III. IKUSPEGI OROKORRA

Hegoaldean iduri zait euskararen mundu hau adi-adi dagola, Euskaltzaindiak zer erranen duen zain, haren arauen berehala betetzeko.

Iparraldean ez da horrelakorik.

Horko eredua, Académie Française famatua da: jaun zahar batzuen arteko club ohorragarri bat, errana baita lauren lana egiten dutela (...)